Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde
Ohituratzat jo dugu eguna argitzean zerura begiratzea euri-seinaleen bila, lehorteak erraustutako lur batean. Zenbait tokitan antzigarra urtzen hasi da, errekak hazten dira; goroldioak azalak, harriak eta zuhaitzak biltzen ditu, eta gogorarazten digu bizitzak aurrera jarraitzen duela, gu ere hemen gaudela, lurraldearen parte garela.
IPCCren azken txostenak berriz oroitarazi digu klima-aldaketaren aurrean zaurgarriak garela, eta erdizka ibiltzeak jada ez duela balio. Ezin dugu gelditasuna gehiago luzatu: bestela, pertsona guztientzat etorkizun bizigarri eta iraunkorra ziurta dezakeen aukera-leiho txiki eta iheskor hori galduko dugu.
Negu udaberritiar honek ezin digu arreta galarazi larrialdi klimatikotik, gure lurrak pitzatzen dituen ur faltatik, gure lurraldea jazartzen eta gure landa-inguruneen bizimodu anitzak mehatxatzen dituzten makroproiektuetatik. Horregatik gaude hemen, ahotsa goratzen dugu, lurraldeari eusten diogu, gure arteko sareak ehuntzen ditugu etengabe, elkarri lagundu eta mehatxatzen gaituen eta erorarazi nahi gaituen guztia ikusaraziz. Elkarrekin ezbeharrei aurre egin eta estropezu guztiak gainditu ahal izango ditugu, alaitasunik eta enpatiarik gabe ez garelako ezer, eta ez garelako ezer izango.
Lurre(z)ko ahizpa,
beste martxo batez
gure plazak eta kaleak bete ditugu berriro, beste gero bat posible dela aldarrikatu; berdintasun, aniztasun eta iraunkortasunezko etorkizuna. Gaur, denok batera, bertan bizitzen hasi nahi dugu: itxaropena inoiz ez galdu.
Pandemiak astintzen jarraitzen gaitu, baina guk saldoa izan eta aurrera egiten jakin dugu. Taldekatu eta buruak kideen gorputzen azpian babesten dituzten ardi horiek guztiek bezala. Ez dugu landa-ingurunea kolektiborik gabe pentsatzen: elkarren laguntza eta sostengurik gabe ezingo dugu aurrera egin.
Ez dugu landatartasun bakarti eta itxi horren parte izan nahi: inposatu nahi dena, erabiltzen dena, engainatzen duena eta gure amek eta amonek — zoritxarrez — bizi izan zuten desberdinkeria eta matxismoa erromantizatzen dituen nostalgia arriskutsu bati tinko oratzen diona. Ito egiten gaituena eta tradiziora eta amatasunera mugatu, ez duena nahi — eta ez zaiona interesatzen — gure landa-inguruneen aniztasunari eta errealitateari leiho bat irekitzea.
Feminismoz, agroekologiaz, aniztasunez, baina baita memoriaz ere betetako landatartasun berriak behar ditugulako. Ziurgabetasunak zeharkatzen gaituen garai hauetan, garrantzitsua da nondik gatozen jakitea, etorkizun hobe batera eramango gaituzten zidorrak pentsatu eta imajinatzeko; beste ikaskuntza batzuetatik, nora joan gaitezkeen eta nora joan nahi dugun irakats diezaguketen bideak.
Horregatik, pazientzia berberarekin, zain gaude beste urte batez intsusa loratu arte, malbek soroak gainezkatu arte, menda eta albakaren usaina arnasten dugun airera itzuli arte. Baita zuhaitzen fruituak eta lurreko barazkiak elkarrekin jasotzeko ere. Gure errezetak partekatuko ditugu berriz, akademiatik ez etortzeagatik hainbestetan arbuiatu zen ezagutza hori guztia ikusaraziko dugu. Gure aurreko hainbat emakumek erakutsi ziguten bezala, gure amonek bezala, jakintzen harila askatu eta hariak batuko ditugu, matazak berregingo ditugu; harrera egiten duen baina bere buruari ere galdegiten dion ehungailu baten parte izan ahalko gara, gu gatozen horien eta etorriko direnen arteko zubi-lana egingo duena.
Gaurko mehatxuak, neurri batean, betiko berberak dira, «aurrerapen» eta «oparotasun» hitzekin maskaratuak. Baina gu gure herrixketako etxeak bezalakoak gara, sendoak, paisaiaren beraren harriekin altxatuak, zuhaitzez eta lurrarekin izandako elkarrizketez eginak. Urtegiak, abandonuak eta erbestealdi behartuak gorabehera, haietako asko zutik mantentzen dira, buruan dirua eta ekoizpena baino ez dituen sistema hiper estraktibista baten grinaren lekuko, hitz berde eta berriztagarriak eskuak garbitzeko erabiltzea helburu duena; munduko inpunitate guztiarekin, lurralde osoan naturgune babestuak eta ingurumen-balio handikoak arriskuan jartzen dituzten makroproiektuak ugaritzea ahalbidetzeko. Eguzki-plaken eta parke eolikoen monolaborantzak, basamortu berdeak, lurraldearen, pertsonaren eta animaliaren arteko lotura hausten duten pabiloi intentsiboak. Gure lurrak eta edaten dugun ura kutsatzen dituzten industria-ustiapenak. Ez dugu nahi kutsatzen, prekarizatzen eta hiltzen duen industralizazio-sukar hau. Gure herriak posible egiten dituzten eta bertan bizi diren pertsona guztiak ahazten dituena, emakume migratzaileena bezalako kolektiboak ikusezin bihurtu eta ahuldu, oraindik lan eta bizi baldintza duinik gabeak. Hemen gaude ahotsa goratzeko, esateko borroka egingo dugula lur duin bat bermatzeko.
Lurre(z)ko ahizpa,
ez diogu zuhaitz izateari uzten. Gure artean sustraituta, gure ekintzekin eta hitzekin ere izan gaitezke sinbiosi, errizoma, baso. Elkarri lotuta, gaur manifestazioa egiten dugu, abestu, elkarri eskua eman, beldurrik gabe abiatu, beti aurrera. Sumendiaren ondorengo kanariar pinuaren berpiztean ikusten dugu, baita lehen algak hazten sumatzen dituzten itsas-koladetan. Laba eta errautsagatik ere, kimuak beti itzultzen dira.
Gaur inoiz baino gehiago, ahizpa ukrainar guztiengan pentsatzen dugu, baina baita hainbeste gatazka armatu ikusezinetan sufritzen dutenengan ere. Gaur emakume horiek borroka egiten dute, mugetara ihes egiten dute alabekin beste gero baten bila, beren jendea, sustraiak atzean utzita. Pantailetan ikusten dugun bitartean Ukrainan askok elurra biltzen dutela edan ahal izateko, batzuentzat badirudi kezka bakarra beren ekoizpen intentsiboetarako zerealaren prezioaren igoera dela. Halaber emakume horiek haziz betetzen dituzte soldadu errusiar batzuen patrikak, lurrak inoiz loratzeari utz ez diezaion, gerra, indarkeria, heriotzagatik.
Ahizpak, ez zaudete bakarrik.
Beste urte batez, hemen jarraitzen dugu, hemen gaude. Pandemia, lehortea, sumendia, gerrak… badira ere. Hemen izena esaten dugu, hemen inoiz baino batuago sentitzen gara. Hemen aurpegia ematen dugu, gure beldurrak partekatzen ditugu, isiltasuna alde batera uzten dugu. Lurraldean bizitzeko modu asko daudela aldarrikatzen dugu, hitz egin, eraiki, zaindu eta abegi egiten duten landatartasun asko. Lurreko ahizpena den bat: feminismoz eta aniztasunez, agroekologiaz, memoriaz, interdependentziaz, itxaropenez eta alaitasunez betea.
Guztion feminismo baten alde,
Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde.
* Ilustrazioa Mayte Alvaradorena da. Hemen deskargatu dezakezue.
** (Manifestu hau Lucía López Marcok eta María Sánchezek idatzi zuten, Celsa Peitado, Blanca Casares, Patricia Dopazo, Julia Alvarez, Karina Rocha eta Elena Medelen aholku eta ekarriei esker. Baita zuen ekarpenak helarazi dituzuen hainbati esker ere.)
Manifestu hau Leire Milikua Larramendik itzuli du euskarara.