Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde

--

Badator martxoa bueltan, izotz eta zalantza artean, baina guk kaleak beteko ditugu berriro, gure ahotsak altxatu, erdiguneak gure ertz eta periferiekin hautsi. Beste martxo batez gure eskubideak aldarrikatzen ditugu, zeharkatzen eta eragiten gaituen hori ikusarazten dugu. Zera sentitzen dugu: ez dela albiste ona aurten, lankideen artean, manifestu hau inoiz baino beharrezkoagoa dela solastatzea. Gure lurraldeetan bizitzen ari garen egoera eta arazoek premiaz eta zuzenean interpelatzen gaituzte gure artean indarra eta hitza aurkitzeko: loturak sortzeko, aulkiak kalera ateratzeko, inoiz gehiago ez isiltzeko, berriro bakarrik ez sentitzeko.

Gaur oroimena, gorputza eta ahotsa jarri nahi ditugu. Beldurrik gabe, lotsarik gabe, ezbairik gabe.

Beraien lanpostua edo zaintzaile-papera utzi ezin duten guztiengatik, indarkeriaren ondorioz paralizatuta bizi direnengatik, egunez egun eskubiderik gabe lan egiten dutenengatik, hitz egin ezinik, beretarrak bizi ahal izateko ogia eta jornala behar dituztelako. Manifestazio batean bistaratu ezin diren horiengatik, ezin dutelako kalera ateratzeko atrebentzia hartu eta protestarekin bat egin. Era berean, oztopo fisikoak, sufrimenduak edo ondoezak direla-eta, etxetik atera ezin izango direnentzat ere bada hau, erakundeetan edo ospitaleetan giltzapetuta daudelako egongo ez direnentzat. Erdigune, erakunde eta akademiaren diskurtsoetatik kanpo daudenak. Bozgorailu izan nahi dugu, sistemak kanporatzen, esplotatzen, tratu txarrak ematen, kontzienteki beti alde batera uzten dituen guztientzat plataforma.

Gero eta hurbilago dagoen udan pentsatzen hasiak gara, mintzen eta larritzen gaituen lehortearekin. Desagertzen ari dira hazi gintuzten paisaiak, bizitoki eta lantoki zirenak, gure geografia fisikoa eta sentimentala beste zerbait bihurtzen ari da. Oraindik ez dakigu eta ez dugu hitzik, baina manifestu honek ere ozen egin nahi du mintzo askok dagoeneko barruan daramagun saminaz, gure gorputzak eta loturak, gure afektuak eta komunitateak eraldatzen dituena. Baina ez diegu aukerarik eman nahi katastrofismoz eta kolapsoz betetako diskurtsoei. Hemen ezin dira errotu erruduntzen duten sermoiak, haserrearazten dutenak, leziatzen dutenak, pisu guztia pertsonen gain jartzen dutenak, haien egoera eta kalteberatasunak ezagutu gabe. Nahiago dugu poztasunetik hazi eta partekatu. Beste etorkizun baten alde egin nahi dugu lan elkarrekin, berriz hunkitzen ikasi. Pentsatzen dugu afektuetatik eta harriduratik batera ernamuindu ahal izango garela espazio eta topaketa berrietan. Horretarako, gure hauskortasunak, zaurgarritasunak eta sufrimenduak partekatu eta izendatzea ere behar dugu. Baliteke hori arrazoi ona izatea larrialdi klimatiko honetan borrokatzeko eta aurrera egiteko. Ezin ditugu adore falta, ezkortasuna, etsipena onartu.

Lurre(z)ko ahizpa, batzuek guk etorkizun berriak imajinatzea galarazteko eginahalak egin arren, horrek ez du esan nahi amets egin ezin dugunik, eta horiek lortzeko borrokatu.

Bereziki kezkatzen gaituzte bueltan datozen diskurtsoek, gure amen eta amonen bizitza erromantizatzen dutenak, heroi bihurtuz, hitzez eta amarruz ezkutatuz errepresio, desberdintasun eta indarkeriaz betetako diktadura.

Lurre(z)ko ahizpa,

erabakitzeko aukerarik izan gabe lurra landu zuten neskato haiengandik gatoz, bizkarrean uko eta isiltasunez betetako motxila itzelak zeramatzatenak. Zapaldutako kolektiboekin partekatzen dugu lurraldea. Ezin dugu ahaztu indarkeria haiek gure artean jarraitzen dutela: gaur, bereziki, gurekin daude sasoikako langileak, migratzaileak, trans emakumeak. Horiek gabe ez dugu borroka kontenplatzen. Ezin ditugu ez imajinatu ez pentsatu etorkizun bizigarri eta jasangarri berriak, horiek eta haien aldarrikapenik gabe.

Haien guztien ondorengoak gara, eta, egunen batean, arbasoak ere izango gara etortzen direnentzat. Ez dezagun inoiz ahaztu nondik gatozen, are gehiago gure buruari norantz joan nahi dugun hainbeste galdetzen diogun garai hauetan.
Ez gaitezen amnesian erori, ez dezagun urratsik eman memoriarik gabe.

Erresistentzia genealogia bat daramagu gurekin: min ematen digu hiriko zenbait kolektibok, beti erdigunetik, gure kontakizunak eta borroka-mugimenduak kolpe batez ezabatzeak, gure eztabaidak alboratu eta sinplifikatzeak. Zuek jakinaren gainean ez egoteak ez du esan nahi gure herrietan gauzak gertatzen ari ez direnik, aldaketaren alde lanean ari ez garenik. Bidegabea iruditzen zaigu bestelako inguru eta lurraldeen alde modu nekaezinean borroka egin eta mugitzen diren landatar kolektibo eta talde guztiekiko. Gure herrietan beste borrokarik eta eztabaidarik ez dagoela sinestea ikuspegi izugarri bidegabea, paternalista eta etorkorra iruditzen zaigu.

Gu gabe ez da lurraldea ulertzen. Eta ezin gara isilik geratu beti garapenaren eta iraunkortasunaren izenean sortzen eta bideratzen diren neurri eta diskurtsoen aurrean. Aski da gure landa-inguruneak sakrifizio-gune, despentsa, zabortegi, hiriko jendearentzako aisialdi-gune soil bihurtzeaz.

Gure lurraldeetan, bizi dugun larrialdi klimatikoaren ondorioak arintzeko aliatu bihur daitezkeen tresnak eta jakintzak daude. Baina, egia esan, urtero ikusten dugu nola handitzen den gure herrietako ustiapen industrial eta intentsiboen kopurua, eta nola egiten duten bidea energia-makroproiektuek ingurumen-balio handiko espazioetan, lur horietan bizi direnak kontuan hartu gabe, gure herrietatik kanporatuz.

Ikusgarritasunak eta komunikabideetan gero eta gehiago agertzen diren kontakizun berriek pozten gaituzte. Baina landa eremuan bizi dugun errealitatea batzuetan ez dator bat ispiluak itzultzen digunarekin: erabakiak hartu ezinik jarraitzen dugu, etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik gabe, lurra eskuratzeko aukerarik gabe. Elikadura burujabetzaren aldeko proiektuak abian jartzeko tresnarik gabe: errazagoa da proiektu industrial bat garatzea, gure lurra zaintzen duten eta gaixotzen ez gaituzten elikagaiak ekoizten dituen proiektu agroekologiko bat baino.

Lurre(z)ko ahizpak,

Nortzuk dira gure ordez erabakitzen dutenak? Nork baliatzen du lurraren erabilera? Nork dauka bozgorailua?

Lurlana nahi dugu.

Pertsona guztiek eskura izan dezatela elikadura osasungarria, tokikoa eta jasangarria. Paisaia mantendu eta zainduko duten elikagaiak erraz eskuratzea ahalbidetuko duten hiriak eta herriak nahi ditugu. Lurra landu nahi duten pertsona guztiek horretarako aukera izatea nahi dugu.

Lurre(z)ko ahizpa,

gaur arriskuan jartzen gaituzten mehatxuak atzoko berberak dira, nahiz eta «aurrerapena», «jasangarritasuna» eta «oparotasuna» bezalako terminoekin jantzi. Gu gure herrietan biztanle bat gehiago ziren zuhaitz haiek bezalakoak gara: haien itzalean eta aterpean hartzen ziren erabaki guztiak, bertan hitz egin eta partekatzen zen, etortzen zirenak ospatzen ziren eta betiko alde egiten zutenei azken aldiz agur esaten zitzaien.

Bizi garen nekazaritzako elikagaien sistemak ganadutegi txikiak, familia-proiektuak eta lurra errespetatzen duten jakintzaz, harremanez eta lan-moldez betetako ekimen agroekologikoak suntsitzen ditu. Ezinezkoa egiten du belaunaldien arteko erreleboa, gure herrietan bizi nahi duten gazteak sartzea. Horrela, lurraldean bizitzeko, gure biodibertsitatea eta ekosistemak kontserbatzeko eta babesteko aparteko moduak desagertzen ari dira.

Hemen gaude elkarrekin ahotsa altxatzeko, lurralde duin bat bermatzeko borrokari ez diogula utziko gogorarazteko.

Lurre(z)ko ahizpak,

nahiz eta gu moztu nahi gaituzten, badakigu elkarrekin ez garela eroriko.

Lurre(z)ko ahizpa,

pribilegioa eta beharrezko tresnak ditugunak izan gaitezke gure borrokak eta eztabaidak berrikusten lehenak. Nola egiten dugun lan, nola antolatzen garen, nola izendatzen garen. Gu ere kontakizun berriei forma ematen ari gara, eta ezinbestekoa da nondik eta nola egiten dugunaren inguruan hitz egin eta hausnartzea.

Izan ere, inoiz baino gehiago feminismoz, agroekologiaz, aniztasunez, baina - — esan bezala — baita memoriaz ere betetako landatartasun berriak behar ditugu.

Ahizpak, ez zaudete bakarrik.

Ez gaude bakarrik.

Martxoaren 8 bat gehiago, hemen jarraitzen dugu, hemen gaude.

Hemen izendatu egiten dugu, hemen inoiz baino elkartuago sentitzen gara. Hemen egiten dugu aurre, gure beldurrak partekatzen ditugu, isiltasuna alde batera uzten dugu. Lurraldean bizitzeko modu asko daudela aldarrikatzen dugu, elkarren artean hitz egiten, ikasten, eraikitzen, zaintzen eta harrera egiten duten landatartasun asko. Lurre(z)ko ahizpena den hori: feminismoz eta aniztasunez betea, agroekologiaz, memoriaz, interdependentziaz, elkarri laguntzeaz, itxaropenez eta alaitasunez.

Guztion feminismo baten alde,

lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde.

*La Galana collage (Cecilia Jiménez) da kartelaren egilea. Hemen jaitsi dezakezue.

**(Manifestu hau María Sánchez eta Lucía López Marcok sustatu dute. Eskerrik asko Blanca Casares, Patricia Dopazo, Karina Rocha, Julia Álvarez, Neus Miquel, Elisa Oteros, Colectivo Arterra eta Elena Medelen aholku eta ekarriei. Baita zuen ekarpenak helarazi dituzuen hainbati ere.)

*** Manifestu hau Leire Milikua Larramendik itzuli du euskarara.

--

--

No responses yet