Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde

--

Eva Piay

Atzean utzi arren oraindik aldean daramagun urte honek, bizitza leihotik
begiratzera behartu gaitu gutariko asko; beste hainbeste, hiri handietatik eta
hiri handientzat pentsatutako neurri hiri-zentrikoetara ezinbestean
egokitzera. Udaberria ate joka daukagu, eta itzuliko ez diren bizitza gehiegi
eraman dituen pandemian darraigu, bizi dugun krisi, prekarietate eta
zerbitzu falta areagotu dituena. Birus batek etorri behar izan du bizitzaren
inguruan orbitatzen ez duen eta harrapatuta gaituen sistema hau jasangarria
ez dela frogatzeko, eta beste krisi eta pandemia batzuen hasiera eta
larriagotzea baizik ez dela erakusteko. Larrialdi klimatiko honi larrialdi
soziala eta osasun arlokoa gehitu zaizkio azken boladan, eta ezin dugu
manifestu hau hasi bertara birusak eta sistemak kolpatutako pertsona
guztiak ekarri gabe. Agian, hitzak askorako gai ez direla pentsatzeko
akatsean erori gaitezke. Baina guk garrantzitsuak izaten jarraitzen dutela
uste dugu. Ziurgabetasun eta minagatik ere, gure hitzak beste inon
existitzen ez diren pentsamendu- eta ekintza-ekosistemak dira. Horiei esker
mundua ikus dezakegu, haren parte izan, birrimajinatu, eta sistema
honetatik kanpoko beste etorkizun batzuetan pentsatu eta sinestea
ahalbidetu.

Ahizpa,
2021 honetan ez gara beste urteetan bezala aterako kalera. Musuak,
urtebetez sentitu ez ditugun besarkadak eta musukoek ezkutatutako
irribarreak lapurtu dizkigun distantziak banatuko gaitu. Horregatik, plazak
sekula baino hutsago egongo diren urte honetan, hitz hauek irakurtzera
gonbidatzen zaituztegu, zuenak egitera, balkoietatik, sutondoetatik;
tximinietako keak gure ahotsak elkartu ditzala, eta haizeak biziki urrun
helarazi.

Martxoak 8 honetan ezin diogu emakume landatar bezala dugun ahotsa
goratzeari utzi. Pandemiak argitasun-minutuak ere ekarri ditu; minutu
horietan ikusi dugu nola jendartea bera antolatu eta arduratu den politika
publikoek heldu nahi izan ez duten horretaz, ez direlako egoerak eskatutako
mailakoak izan, ezta nahikoak ere. Eskerrak eman nahi dizkizuegu
horregatik: elkarrekin bizitzeko eta elkarri laguntzeko beste era batzuk
posible direla erakusteagatik.
Eskerrik asko emakume ekoizle eta pentsalariei, behetik antolatu direlako
beraien bertako eta gertuko elikagaiak etxe guztietara heldu ahal izateko.

Bereziki gogoratzen ditugu SOS Campesinado bezalako ekimenak, eta
aurreko urtean, beraiena ez zen herrialde batean, beraien familiengandik
aparte, eta duin bezala izendatzetik oso urrun zeuden baldintzetan gure
mugen barruan harrapatuta gelditu ziren jornalari migranteak. Baita iazko
udaberri eta udan, berain bizi- eta lan-baldintza penagarrien ondorioz,
covid-19a hartu zuten nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko langile guztiak
ere. Horrek agerian jarri zuen honakoak ez errespetatzearen bidez eusten
den ekoizpen-sistema intentsiboa: giza-eskubide oinarrizkoenak, animalien
ongizatea, eta sostengatzen gaituzten baliabide naturalak eta lurraldea.

Eskerrik asko beraien abereak, lurra, zaintzeari, eta gure arraza autoktonoak
eta bertako haziak gordetzeari egun bakar batez ere utzi ez dieten emakume
guztiei, gure ekosistemak eta horien biodibertsitatea mantenduz. Ez
birusak, ez neguko elurteek, ez dute lortu emakume horiek gelditzerik.
Gure landa-eremuak hondamen-eremuak lirateke beraien jarraikitasun eta
lan altruistagatik ez balitz, kasu gehienetan aitortu gabeko lan ikusezina
izaten jarraitzen duen arren.

Aurten inoiz baino umezurtzago gelditu gara birusaren ondorioz. Maite
genituen pertsona asko galdu ditugu: gure familiako kideak, lagunak,
egunerokoan konplize… Eta, batez ere, landa-eremuko adineko hainbeste
emakumeren begiraden eta eskuen atzean ezkutatzen den jakinduria handi
hori galdu dugu. Lurraren, inguratzen gaituenaren ezagutza, beraien
amamen amamen amamengandik oinordetua, lore eta harriek jagongo
dutena orain, eta emakume horiekin betirako joana dena.

Haiekin joan dira, era berean, inoiz bueltatuko ez diren hitz ugari. Batzuek,
zortea izanez gero, tokiko hiztegiren baten orrietan jasota gelditu izango
dira, norbaitek berreskuratzeko zain. Ezin dugu ahaztu landa-eremuko
emakumeek zaindu duten hizkuntza-aberastasuna, inguratzen gaituen
elementu oro izendatuz; eta, horiei esker, gaur egun hainbat hizkuntza eta
azentu entzuten jarraitzeko suertea dugu, gure landa-inguruneak berezi eta
askotariko bihurtzen dituztenak. Hizkuntzaren eta hitzaren atzean,
zoragarriak eta bakarrak diren bizimodu eta loturak daude.
Ez ditugu ahaztuko beraien dibertsitateagatik diskriminatuak diren
emakume guztiak, ezta gure ahizpa transak ere. Ezin ditugu ahaztu beraien
eskuekin ikusi eta hitz egiten duten emakumeak, bidea beste abiadura

batean egiten dutenak. Oinaze eta ondoez emozionala pairatzen duten
emakumeak, gaitasun ezberdinak dituztenak. Ero deitutakoak, arraro
deitutakoak, desgaitu deitutakoak. Ezberdin izatearren seinalatutakoak.
Bitan ahaztuak eta pandemiak bitan erasanak.

Denok gara ezberdin,
eta denok,
elkarrekin,
gure aniztasunarekin, zaintzen ditugu gure landa-inguruneak. Bizitzaz
betetzen ditugu eta aurrera egiteko saretzen gara, komunikabideei hainbeste
gustatzen zaizkien “des-“ hasiera duten hitz horiek ahaztuz.

Pandemiak besarkadak lapurtu dizkigula genion, baina inoiz baino sare
gehiago ehundu ditugu pandemiak areagotutako zerbitzu falta osatzeko.
Beraien etxeetatik irten ezin zirenei elikagaiak eramateko antolatuz, urrun
egonagatik senideak ikusi ezin zituztenak bisitatuz, eta gertu ditugunak
zaintzeari sekula baino denbora gehiago eskainiz.

Garai zail hauetan, emakume askok bateratu behar izan dituzte soroko
lanak, beste batzuek telelana, edota osasun-zentroetan erne eta tinko
jarraitzea; irakasle, zaintzaile, erizain… izatearekin. Beti besteentzako
eskuragarri.

Etengabe entzun dugu zorte handikoak garela herri batean bizitzeagatik,
naturarekin harreman zuzena dugulako. Baina inork ez du ikusten hemen
oinarrizko zerbitzuak doblezka murriztuak izan direnik; aurretiaz eskasak
ziren zerbitzuak, kasu askotan desagertu egin direnak. Birusa aitzakia
harturik eguneko zentro eta jantokiak itxi dira, eta haurtzaindegi zein
zaintzei eskainitako beste espazio ugariren ordutegiak murriztu. Gainera,
familia askok beraien adinekoak egoitzetatik atera behar izan dituzte,
kutsatuko zirenaren beldur; ondorioz, emakume asko beraien lanak
menpekotasuna duten senideen zaintza-lanekin kontziliatzea beste
alternatibarik ez dute izan.

Gogoan ditugu baita ABEEak (ERTE) jasan dituzten kideak, eta
pandemiatik eratorritako krisiagatik beraien negozioak itxi behar izan
dituztenak. Ikusi dugu nola, denbora luzez, administrazioek turismoa
bultzatu duten landa-inguruneetan (ia) diru-iturri bakar bezala. Aurten
pandemiak ekarri du landa-eremuan turismoan jarduten duten familia asko
zinez gaizki pasatzen egotea, eta beste aukerarik ez izatea.

Pandemiak areagotu egin du, inoiz baino areago, eten digitala. Gure
herrialdean telelana gailendu den urtean, honekin egin dugu topo: hiri
handietan 5Ga iristen ari den bitartean, herri askotan ez dago ezta banda
zabala ere. «Telelan» hitza txertatu dugu gure errutinan, eta komunikabide
eta administrazio askorentzat gure landa-inguruneen panazea eta salbazio
bihurtu da. Guk, gaur, lurlana aldarrikatu nahi dugu. Landa-eremuan lurra
eta etxebizitza duina eskuragarri izateko borrokan jarraitu nahi dugu.
Lurraldeari lotuta dauden ekoizpen agroekologiko eta estentsiboak lagundu,
eta horiei bide ematea nahi dugu, ingurumen-balio altuko elikagaiak
sortzen dituztenak baitira, pertsona, animalia, hazi eta lurraren arteko lotura
bakarrak sortuz. Gure lurretan lanean diharduten pertsona migratuentzako
duintasuna eta eskubideak nahi ditugu. Merezi ditugun kalitatezko zerbitzu
publikoak nahi ditugu.

Laster itzuliko da udaberria.

Gure lurrek bestelako bihar batean pentsatzera garamatzan berde kolorea
dute jada soinean. Ez dio ardura zer datorren, elkarrekin jarraituko
dugulako ezbeharrei aurre egiten. Birus hau ere ez delako izan gure
lurraldea husteko gai. Pandemiaren aurrean elkarrekin darraigu. Gure
herriak batzen jarraitzen dugu, lotura eta sareak ehuntzen, sorlekuaren
koloreak tindatutako gure eskuekin. Hemen, lurrean, gelditzen gara, eta
«aterreñar» aditza jokatzen dugu, esperantza eta argia itzultzen dizkigun
iparraldeko hitza. Zera esan nahi du: elurraren ondoren lurra berriz ikusi eta
zapaltzea; baina ez soilik guk, baita animaliek ere, elurte handien ondoren
bazkalekuetara itzultzen direnean. Badakigu laster zikindu ahalko ditugula
gure eskuak lurrez, denok elkarrekin; elkar begiratu, eta irribarre egin.

Denon feminismo baten alde,
Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde.

*Ilustrazioaren egilea Eva Piay da. Hemen jaitsi dezakezue.
**(Manifestu hau Lucía López Marco eta María Sánchezek idatzi dute,
Celsa Peitado, Ana Pinto, Blanca Casares, Patricia Dopazo, Mentxu
Ramilo, Karina Rocha, Elisa Oteros eta Elena Medelen aholku eta
ekarpenei esker. Baita ekarriak helarazi dituzuen beste hainbesteri esker
ere.
***Manifestu hau Leire Milikua Larramendik itzuli du euskarara.

--

--

No responses yet