Lurre(z)ko ahizpen feminismoaren alde
Lurre(z)ko ahizpok,
aurten ere bat egingo dugu kaleetan geure burua elkarrekin aldarrikatu, ahotsak altxatu, eskuak batu eta gure eskubideak zein bizi garen lurraldeenak defendatzeko.
Galiziar herriarentzat bere bizimodua, ura, lurra eta airea defendatzeko borroka eta mobilizazio urtea izan da. Leloak dioen bezala, «dende a Ulloa ata a Ría, terra, auga e aire son vida!». Aurrekaririk gabeko erasoaren aurka zutitu da Galizia osoa, Altri multinazionalaren zelulosa makroplantaren aurka.
Proiektu hau gauzatuko balitz, honen ondorioak zeharo suntsitzaileak izango lirateke: besteak beste, Ulla ibaiaren arro osoa — Arousako itsasadarrean itsasoratzen dena — erasango litzateke, itsaski-biltzaileei eta arrantza-sektoreari kalte eginez. Ibaibideak batu ditu erdiko lurretako nekazari emakumeak (A Ulloa, terra do medio) beren lurraldea eta lantzen eta zaintzen duten lurra defendatzen dutenak, espoliazio eta eukaliptizazio ereduaren aurrean; baita itsasoko emakumeak ere, sostengu ekonomikoa ematen dien uraren kalitateaz kezkatuta daudenak, hori gabe ez baitago haien egunerokotasuna ulertzerik.
Lurra puskatu eta txikituko duen proiektu honen aurka inoiz ez bezalako mobilizazio mediatikoa antolatu da, eta agian hainbeste ikusgarritasun izan ez duten beste hainbatekin egin du bat. Honakoen aurka borrokan dihardutenekin: energia berriztagarriei lotutako megaproiektuak, sail ureztatuen handitzeak, abeltzaintza industrialeko instalazioak, meatzaritza, turismo eta hirigintza proiektuak… Aurrerapenaren eta hazkundearen ideia okerra iraunarazten duten esku-hartzeak dira guztiak. Guretzat dagoeneko zaharkitutako ideia da, esku gutxi batzuetan pilatzen baitu etekina pertsona eta lurraldeak kolpatzen dituen bitartean.
Lurre(z)ko ahizpok,
berriro ere elkarrekin atera gara kalera Palestinako herriaren alde. Gure haserrea adierazi dugu Israelgo estatu genozidaren inpunitateagatik: gure gobernuek sostengatzen duten inpunitate horregatik. Injustizia eta sufrimendu honekiko epel ez garela geldituko erakusteko. Baina baita ere, palestinarren indarrarekiko eta erresistentziarekiko miresmena erakusteko. Hau lurrarekiko loturan sustraitua baita, haien olibondoak eta pikondoak bezala, eta horrek hunkitzen eta inspiratzen gaitu.
Lurre(z)ko ahizpok,
lurralde zaurituan bizi gara. Danak mina eta ondorioak utzi ditu, eta hondamendiaren ostean errealitate kolpe bat: etengabe arriskuan jartzen gaituen sistema hau eraldatzeko beharra. Klima-aldaketa ez da fenomeno abstraktua, edo gradu zentigraduak soilik; heriotza, lekualdatze behartua eta suntsipen materiala ere badira gure artean.
Hiritik herri kaltetuetara oinez zihoan jende jarioak osatutako elkartasunaren zubiaren irudiak, bere gorputzekin ezagutzen ez zituzten beste pertsona batzuentzako erratzak eta palak, janaria eta ur bonbillak, botak eta tresnak kargatzen zituen jendetza dakarkigu gogora. Horrela eusten badiogu elkarri, geure zaurgarritasuna antzematen dugulako da, eta bizitza kapitalaren aurretik jartzen dugulako: erreferentetzat erakutsi dizkiguten istorio arrakastatsu bakar horiek kolokan jartzen dituen bizitza. Bizitza bat non auzokoek kalera irten, eta besteentzat sua piztu eta kozinatu egiten duten. Hala ere, aurten, fenomeno klimatikoek erasandako hainbat pertsonek ez dute komunikabideen arretarik jaso; esate baterako, Huelva edo Almeriako kokaleku txabolistetan nekez bizi diren lankide jornalariek. Horiei ez zaizkie jendartearen elkartasuna eta administrazioen babesa iritsi.
Bestalde, «Herriak salbatuko du herria» leloak bihotz-ukitzen gaitu, baina ezin dugu ahaztu bozkatzen ditugun pertsona horiek guztiak horren parte direla, eta baliabide publikoek ere salbatzen dutela herria. Ezin konta ahala hazi dago lurralde hauetan ernaberritzeko zain. Eta birsortze horrek bizitzeko beste modu posible batzuk imajinatzeko aukera ematen digu: bertan, bizimodu onak, elikadura osasuntsuak, lan baldintza duinek eta osasunak ez dute zerikusirik bizi garen lekuko posta kodearekin. Inor baztertuko ez dugun bizitzeko modua.
Horregatik, emozionatu egiten gaituen Valentziako baratzeko adierazpen bat esan nahi dugu gaur ozen:
A tornallom.
Horrela deitzen zaio zereginak dirurik gabe trukatzen diren lan komunalari. Lurralde bat auzotasunean bizitzeko modua, gurekin bizi diren pertsona guztiekiko loturak zaintzen dituena; eta beste batzuek saihestu eta baztertu nahi dituzten arren, gaur hemen jarraitzea eragiten duen narratiba osatzen duten keinuetako bat da. Klima-aldaketaren eraginak arintzeaz gain, hura geldiarazten lagunduko duten bizimoduak asmatzeko modua ere izan dadila espero dugu.
Ze,
Lurre(z)ko ahizpok,
beraiek dira, zaintzen duten emakumeak, beren familien eta komunitateen ehunari eusten diotenak; erronka klimatikoei sarritan ikusezin geratzen den karga emozional eta psikologikoarekin aurre egiten dietenak.
Landa eremuko emakumeak etorkizun bizigarri baten aldeko borrokaren lehen lerroan daude. Ekoantsietate gero eta handiagoari aurre egin behar diogu, klima-aldaketaren ondorioekiko kezka iraunkor eta legitimo horri. Beldur horrek indar handiagoz kolpatzen gaitu landa eremuko zaintzaileok. Izan ere, lurrarekin eta baliabide naturalekin dugun gertutasun zuzenak areagotu egiten du. Ingurunearen zaindariok, lehen unetik eta sakonago nozitzen ditugu ziklo naturalen aldaketak, lehorteak, uholdeak eta lurzoruaren degradazioa.
Antsietate, kezka, tristezia, segurtasun falta, presa, kulpa eta gainkargekin bizi gara, askotan gure ingurua suntsitzen duten lan prekarioak onartzera behartuak. Sistemak biziraupenaren bilaketa indibidualizatura bultzatzen gaitu, pilulaz betetzen gaitu, eta gure bizitzak medikalizatzen ditu. Gehiegizko medikazioa, automedikazioa, jarraipenik eta amaierarik gabeko medikazioa ez dira nahikoak gure lurraldearen defentsak, gure gorputzen osasunak eta mehatxupean dauden gure komunitateen aldeko borrokak suposatzen duen erronka erraldoia gelditzeko.
Lurre(z)ko ahizpok,
ezbeharrak gorabehera, loratu dadila gure lurra.
Itxaropenean eta ekintzan tinko mantentzen gara, badakigulako gure esku dagoela etorkizun bizigarri eta jasangarri baten aukera. Baina une kritikoan gaude, baliabide naturalen neurrigabeko ustiapenak, ondasun kolektiboen pribatizazioak eta eredu ekonomiko estraktibisten aurrerapenak planetako bizitza eta gure komunitateen sare soziala larderiatzen baitituzte. Krisi honen aurrean, gure ahotsa altxatzen dugu gure herrietan bizitzarako funtsezkoak diren ondasun komunalak aldarrikatzeko eta babesteko; mendiak, larreak, akuiferoak, ibaiak, bazkalekuak, bizitza mota guztiak, eta geurea, zaintzeko. Eta guzti hori herri-lurretatik egin nahi dugu, inorenak izan ez arren, guztionak diren lurretatik: lur irekiak, itxiturarik gabeak, horizontalak, hartzen eta elikatzen gaituzten lurrak. Bizileku izateko lurrak.
Hazkunde ekonomiko mugagabearen logika nagusi den mundu honetan, aurrekaririk gabeko krisi ekosozialaren aitzinean gaude. Kapitalismo estraktibistan oinarritutako eredu nagusiaren aurrean, Iparralde Globaleko herrialdeen logiken erabateko eraldaketa behar dugu. Desazkundeak ez du esan nahi ez atzera-egitea ez pobretzea, baizik eta lehentasunak aldatzea: gutxiago eta hobeto produzitzea; gutxiago, baina zentzu handiagoarekin kontsumitzea; modu komunitarioagoan bizitzea; geure gorputzarekin zein beste gorputzekin, ekosistemarekin eta lurraldearekin orekan bizitzea.
Denbora bizi-denbora gisa berreskuratu nahi dugu, habitatzeko modu gisa. Ez dugu beti bizi nahi denbora produktibo burokratizatuan, esplotaziorako eta kontsumorako denboran. Desioa eta poza sustatu nahi ditugu, baita politika eferbeszentea eta kritikoa diren aldetik ere; bizirik dagoen eta amankomuna den horretatik abiatuta, askotariko errealitateekin harremanetan. Bizikidetzaren filosofia politikoa, alaitasuna, jai-giroa aldarrikatzen ditugu, bizitza ospatzeko, elkar topatzeko eta gozatzeko espazio eta denboretatik hasita.
Eta ez gaude bakarrik, gure aurreko guztien eta gure atzetik etorriko diren guztien indarra daramagu guregan.
Guztiontzako feminismoaren alde,
lurre(z)ko ahizpen feminismoaren alde.
Kartela Vanesa Freixak egin du. Hemen deskarga dezakezue.
Manifestu hau Onintza Enbeitak eta Leire Milikuak itzuli dute euskarara, eta Onintza Enbeitak irakurri du. Hemen entzun dezakezue.
** Manifestu hau Blanca Casares, Lareira Social, Leire Milikua, Lucía López Marco, María Montesino, María Sánchez, Patricia Dopazo, Ada eta Irea (REAMA Friol), Ana Pinto Lepe (Jornaleras de Huelva en Lucha) eta Elisa Oterosen lanari esker idatzi da. Hermanas de tierra M8rako manifestu bat da, María Sánchezek eta Lucía López Marcok 2018tik hona bultzatu dutena.
Lurre(z)ko Ahizpen manifestua eta lana babesteko klikatu hemen.
(*) Emakume (eta ahizpa) kategoria erabiltzen jarraitzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate askotarikoak ere bagaren (bollerak, transak…). Horiek ere bildu nahian emakume* erabiltzen dugu.
· Araka ditzagun gure bazterrak liburuko oharra gure egiten dugu. Euskal Herriko Bilgune Feminista & Emagin (2021). LISIPE 11, SUSA ·